Mungirock urteurrenean dago. 2024an bederatzi urte beteko dira lokalak ateak ireki zituenetik, eta, hori ospatzeko, Mungiako Udalak, Azken Zarata Mungia Rock elkartearen laguntzarekin, bi jardunaldi antolatu ditu abenduan: abenduaren 14an, larunbata, "Eraso" eta "Enbata Lorade" izango dira; eta 28an, "Mala Decisión" eta "The Lhore Blues Band" herriko taldearen txanda izango da. Bi hitzorduek doako sarrera izango dute, eta 20:30ean hasiko dira Mungirocken.
Mungiako Udaleko Gazteria zinegotzi Bakarne Egiak adierazi duenez, "Mungirockek urteurrena merezi duen bezala ospatzea nahi dugu, maila handiko bi hitzordurekin, musikarik onenaz gozatzeko lokal batean. Lokal hori erreferente bihurtu da musika estilo guztietako kontzertuetan, sortzen ari diren taldeetan eta hasi berri direnetan, bai eremu lokalenetik hasi eta nazioartekoenetaraino". Era berean, "gazteak eta ez hain gazteak" gonbidatzeaz gain, zinegotziak gaineratu du "jakitun garela Mungirockek gure udalerrian, eta, oro har, eskualdean, duen paper handiaz, eta hori sustatzen jarraitzeko eta erreferente kultural bihurtzeko lanean jarraituko dugula".
Urteurrena ospatzeko lehen eguna abenduaren 14a izango da, larunbata. Oihala irekitzeko ardura "Enbata Lorade" boskote bakiotarrak izango du. Talde horrek, deskribatzen duten bezala, "ez du estilo zehatzik, baina soinu zehatz baten bila dabil". Ondoren, "Eraso" zarauztarren txanda izango da. 1996an sortutako taldea da, eta metalarekin hasi zen, baina berehala hartu zuen hardcore eta rockerako bidea. Bestalde, abenduaren 28an, "Mala Decisión" Hard Rock talde santurtziarrak emango dio hasiera saioari Mungirocken. Eguneko bi kontzertuetako lehena izango da. Ondoren, bertako blues taldeak, "The Lhore Blues Band", bertaratzen direnen gozamenak egingo ditu euren musikarekin.
Aipatzekoa da Mungirocketik igaro diren musika estiloak bere artisten jatorriak bezain askotarikoak direla: bluegrass countrya, elektronika kautrorocka, doom metala, punk akustikoa eta rock psikodelikoa. Programazioak erakusten du espazioak konpromisoa duela musika zirkuitu komertzialetatik kanpo eskaintzeko eta sortzen ari diren eta hasiberriak diren taldeei aukerak emateko, horietako askok Mungirocken aurkitu baitute erreferentzia-puntu bat.
Ensaioetarako lokalak
2015ean inauguratu zenetik, Mungirockek bilakaera bat izan du, eta Mungiar gazteentzako ensaio-lokalen erreferente izan da. Gaur-gaurkoz, lokalak zortzi talde ditu, eta horietako sei aurreko urteetan ere izan dira bertan, ikasturte honetan gehitu diren beste bi talderekin batera. Eskaera gero eta handiagoa da, eta horrek Mungiako interes musikalaren bilakaera islatzen du, nahiz eta plazak mugatuak izan. Ildo horretan, Mungirock entsegu-lokal gisa eskatzeko inskripzio-data abenduaren 16ra arte dago zabalik, eta Egoitza Elektronikoaren bidez egin daiteke, udalaren www.mungia.eus webgunean eskuragarri dagoen dokumentu bat betez.