Albisteak

Mungiako Udalak urriaren 7an jarriko du abian 2025eko Partaidetza Bidezko Aurrekontuak diseinatzeko proposamenak jasotzeko lehen fasea

Urriaren 7tik 20ra, mungiarrek aurrez aurre (HAZ, Udal Kiroldegia eta Behargintza) eta online aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak www.mungia.eus

Mungiarrek etorkizuneko Mungiaren garapenean eragin zuzena izan dezaten, Udalak datorren astelehenean, urriaren 7an, jarriko du martxan 2025eko Partaidetza Bidezko Aurrekontuen lehen fasea. Horrela, urriaren 20ra arte, mungiarrek herrirako lehentasunezkotzat jotzen dituzten jarduerak proposatu ahal izango dituzte.

Mungiako alkateak Alaitz Erkorekak adierazi duenez, "mungiarren iritzia eta proposamenak funtsezkoak dira gure udalerriaren beharrak definitzeko orduan; horregatik, proposamenak egiterakoan, beharrezkoa da jakitun izatea mungiar guztien onurarako proiektuak izan behar dutela, udal eskumenekoak, eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak". 

Parte hartu nahi duten guztiek formulario bat bete eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), Udal Kiroldegian eta Behargintzan dauden hautestontzietan entregatu beharko dute. Egun horietan bertan, proposamenak online ere egin ahal izango dira, udalaren web orriaren bidez: www.mungia.eus. Gainera, urriaren 10ean, 11n, 17an eta 18an, bi pertsona Mungiako hainbat zonaldetan ibiliko dira prozesuaren berri emateko eta parte-hartze aktiboan laguntzeko. Urriaren 12an ere egingo dute, baina kasu honetan, Izenadubaren inguruan, ‘Udazkenfest’ ekimena dela eta.

Era berean, alkateak honako hau gaineratu du: "Argi daukagu Partaidetza Bidezko Aurrekontuak tresna egokia direla herritar guztiei ahotsa emateko, eta, aldi berean, udalerriaren errealitatera eramaten diren erabakiak hartzen dituztela, eta horrek harrera oso ona izaten duela beti. Horrela, Udaletik, entzute aktiboaren bidez lanean jarraituko dugu, guztion artean Mungia etorkizuna eraikitzen jarraitzeko".

Partaidezta Bidezko Aurrekontuen bidez gauzatutako proiektuak

Bestalde, dagoeneko 14 proiektu gauzatu ditu Udalak herritarrek proposatu dituztenak 2018an ekimen hau abian jarri zenetik. Zentzu horretan, horietako azkena, 2023ko Partaidezta Bidezko Aurrekontuetan jasota zegoena, eta dagoeneko errealitate bat dena, Usandizaga Musikari haur-parkearen birmoldaketa da.

Egindako proiektuen artean aipagarriak dira, besteak beste, kiroldegian 3 areto berri egitea, lehenengo edizioan proposatua; Torrebillela haur-parkea; Garabila Margolari kaleko galtzadaren zabalera handitzea; autokarabanentzako aparkalekua; edo 2023an proposatutako ibilbide turistikoa, aurten "Alkartasunaren feria" gymkana turistikoarekin egin dena, eta udalerriko eraikin enblematikoetan QR kodeak jartzea.

Nabarmentzekoa da aurreko ikasturteko Partaidetza Bidezko Aurrekontuetan jasotako proposamenak gauzatzeko lanean ari direla, eta honako hauek direla: argiak instalatzea eta konpontzea, hirigunean labaintzen ez duen tratamendua egitea, hiri-altzari berriak jartzea, banku estaliak jartzea, Aita Elorriaga bidea Gamiz bidera oinezkoentzat egitea, eta txakurren aisialdirako bi gune berri Atxurizubi kalean eta Gamiz bidean.