Mungiako Udalak 2025 urterako aurrekontuak onartu ditu gaur eguerdian egindako osoko bilkuran, 28.066.903,03 milioi eurokoak; bozketan EAJ-PNV, PSEren eta Monte Berriaga Alderdi Zibikoaren aldeko botoak, eta EH Bildu eta Mungia Alkarturen kontrako botoak. Horrela, lehen aldiz 28 milioi eurotik gorako aurrekontua da, eta gobernu-taldearen Agintaldi Planean lortu nahi diren helburuak bultzatzea du helburu; hau da, herritarrak udal-politikaren erdigunean kokatzeko konpromisoa, kalitatezko zerbitzu publikoak sendotzea, udalerriko irisgarritasuna hobetzea eta tokiko garapenerako funtsezkoak diren arloetan inbertsioak egitea.
Ildo horretan, Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak nabarmendu du "mungiarrekin ditugun konpromisoak betetzen jarraitzeko aukera emango diguten aurrekontuak onartu ditugu. Aurrekontu honekin, Mungiak hazten jarraituko du, herri batu, euskaldun, solidario eta gure bizilagunentzako irisgarri gisa, herritarrak udal politikaren ardatz nagusian kokatuta".
Bestalde, gobernu-taldeak diru-sarreren eta gastuen arteko oreka mantentzearen garrantzia azpimarratu du, eskura dauden baliabideen kudeaketa eraginkorra bermatuz. Ildo horretan, onartutako dokumentua diru-sarreren aurreikuspenetan oinarritzen da: diru-sarreren % 63 beste erakunde batzuetatik datorren ekarpenari dagokio, % 36 herritarren tasa eta zergei eta % 1 beste diru-sarrera batzuei, hala nola ondare-sarrerei.
Gastuen partidei dagokienez, Mungiako Udalak, aurrekontu hau onartuta, helburu hauek ditu: kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen jarraitzea, pertsona ahulenei laguntzea, Mungiako sustapen ekonomikoa bultzatzea, herriko elkarteekiko laguntza eta lankidetza mantentzen jarraitzea, eta Mungia jasangarriagoa eta irisgarriagoa lortzea, hori guztia etorkizuneko Mungia eraikitzeko proiektu berriak atzean utzi gabe. Aurrekontu horrekin, Udaleko arlo guztiek baliabideak izango dituzte beren proiektuak aurrera eramateko.
Horrela, aurrekontu honek udal kudeaketako azken urteetako proiektuen diru-sarreren partida bana du, hala nola Larrabizker auzoaren berrurbanizazioa eta Karmelo Etxegarai kaleko etxebizitza berrien proiektuak. Era berean, Mungiako Udalak Mungiako auzoetan inbertitzen jarraitzeko apustu irmoari eusten dio, 800.000 euroko partida mantenduz asfaltatze lanetarako, eta hirigunetik kanpoko eremuetarako saneamendu proiektu berriak barne. Dokumentuak 200.000 € ere jasotzen ditu erabilera publikoko eremu pribatuetan hobekuntzak egiteko dirulaguntzetan.
Herritarrek udal politikaren ardatz nagusi izaten jarraituko dute. Gizarte arloan, aurtengo aurrekontuan erronka berriak sartu dira, bai Gizarte Ekintza arloan, bai Berdintasun arloan, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko proiektu aipagarriekin, edo udalerriko ikastetxe guztietako 1.500 ikasle ingururi zuzendutako "Mungia berdintasunerako bidean" programarekin. Gainera, Mungiak kohesio-tresna gisa jardungo duten zerbitzu bi izango ditu: "Auzotaxi", Mungiako auzoak hirigunearekin lotzeko, eta "Laguntaxi", anbulatoriora heltzeko zerbitzu hori behar duten pertsonentzat.
Bestalde, onartutako dokumentuan oso sendo eusten zaie hirugarren sektoreko elkarteekiko lankidetzei eta Udalak garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoei; Mungiako duen alde solidarioa alde batera utzi gabe, hau da, Errosko Solidarioa bezalako ekintzak garatuta. Izan ere, apustu hori guztia indartu egin da, iaz baino 10.000 euro gehiago jarri baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuetarako.
Gainera, ekintzailetza sustatzen jarraitzeko eta mungiarrei lan-mundurako sarbidea errazteko, Mungialdeko Behargintzaren bitartez, erakundearen Plan Estrategiko berria garatzeko ekintzak ezarriko dira. Izan ere, langabezian dauden mungiarrei laguntzen jarraituko da, lan-orientazioko, prestakuntzako eta bitartekaritzako zerbitzuen bidez, beren enpresak sortzen dituzten pertsonei eta, oro har, udalerriko zerbitzuei, merkataritzari, ostalaritzari eta enpresei laguntza emanez.
Era berean, irisgarritasuna hobetzea helburu duten proiektuak jasotzen dira, bai Mungiako kaleetan, eta bai beste obra batzuetan; kasurako, Mungiako anbulatorioko irisgarritasuna hobetzeko obren proiektua sartzea, anbulatoriorako bidea errazteko Leizaola Lehendakariaren kaleko aldaparen inpaktua gutxitzea elementu mekanikoen bidez, Beko Kalen espaloia handitzea edo Andra Marin lurzorua aldatzea; eraikin publikoetan era inbertsioak egingo dira, besteak beste, Torrebillelan, gure zerbitzuen kalitateari eusteko, pertsona guztiei sarbidea errazteko. Izenaduba basoa aparkalekuaren irisgarritasuna hobetzea ere aurreikusten da, bai eta udalerriko zubietako jarduketak ere, horiek berritzeko eta hobetzeko diru-kopuru esanguratsua bideratu baita.
Eraginkortasun energetikoa ere jasota dago onartutako dokumentuan, eta hainbat eraikinetako ekintzak jasotzen dira, hala nola Agirre Jauregikoak edo kiroldegikoak, hobetzeko eta Udalak klima-aldaketarekin duen konpromiso irmoari eutsi egiten zaio, Mungia berdeago baten alde eginez. Horrez gain, argien aldaketarekin jarraituko da, bai hirigunean, bai auzoetan, 200.000 euroko inbertsioa eginda.
Kirol-arloa da mungiarren osasunean eragin handiena duen beste eremuetako bat, eta, beraz, 250.000 eurotik gorako inbertsioak sartuko dira udalerriko kirol-instalazioetan. Besteak beste, igerilekuetan, Legardako zelaian, Kiroldegian eskalada-boulder bat sortuko da, Feria lekuan hockey-instalazio moduan erabiltzen den eremua hobetzeko inbertsioak egingo dira eta udal-pilotalekua berritzeko proiektua idaztea aurreikusten da. Ildo horretan, Udalaren diru-kutxek laguntza ekonomikoa eskaintzen jarraituko dute, besteak beste, herriko elkarteentzat, bai kirolerako eta bai kulturarako.
Azkenik, kulturak, garrantzi handia du Mungian, eta Euskaltegiaren 40. urteurrenarekin bat eginez, 20.000 euro gehiago jasoko ditu iaz baino, urtean zehar Mungian euskarari lotutako jarduerak burutzeko. Olalde Aretoa Bizkaian erreferente bihurtzeko apustu sendoari eusten dio Udalak, eta horretarako, inbertitu egingo da bisitariei ahalik eta programaziorik onena eskaintzeko. Horrez gain, beste 80.000 euro erabiliko dira Olentzero eta Izenadubaren etxean inbertitzeko, horiek baitira herriko euskal kulturaren traktoreak.
Gainera, dokumentuan jasota dago partaidetza bidezko aurtengo aurrekontuetan mungiarrek aukeratutakoak gauzatzea, hala nola txakurrentzako aisialdirako gunea edo banku estaliak.
Bestalde, Asier Areitio Mungiako Udaleko Ekonomia, Ogasun eta Finantza zinegotziak adierazi duenez, "Udaleko arlo guztiek beren proiektuak aurrera eramateko baliabideak izatea ahalbidetuko duen dokumentu bat dugu oraingoan ere. Beste datu garrantzitsu bat ere azpimarratu nahiko nuke: Mungiako Udalak beste urtebetez jarraituko duela zorrik gabe". Ildo horretan, Alaitz Erkorekak honako hau azpimarratu du: "hau guztia Cittaslow udalerria garela ahaztu gabe, gure nortasuna zainduta, herritarren parte-hartzean oinarrituta, eta betiere hurbiltasunetik, gobernu eredu irekia izanda".