Albisteak

Mungiako Udalak 140.000 euro baino gehiago inbertitu ditu aurten bere kirol-instalazioak hobetzeko, kirola eta jarduera fisikoa sustatzen jarraitzeko helburuarekin

Mungiarren artean kirola eta jarduera fisikoa sustatzen jarraitzeko helburuarekin, eta herritar guztien gozamenerako espazio seguru, irisgarri eta kalitatezkoak bermatuz, Mungiako Udalak hobekuntzak egin ditu udalerriko kirol instalazioak berritu, mantendu eta hobetzeko. Udalak legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoari erantzuten diote egindako jarduketek, eta, horretarako, 140.977 euroko inbertsioa egin da.

Mungiako Udaleko Kirol zinegotzi Nagore Torrek adierazi duenez, "inbertsio hauek Mungian ditugun kirol azpiegiturak mantentzeko, modernizatzeko eta hobetzeko beharrizanak asetzera bideratuta daude, horiek Mungiako gazte, familia eta kirolarien topagune izaten jarrai dezaten". Halaber, gaineratu duenez, "hainbat hobekuntza egiten jarraituko dugu, espazio seguruak eta kalitatezkoak eskaintzen jarraitu ahal izateko".

Hala, guztira 140.977 euro bideratu dira, eta Mungiako hainbat puntutan funtsezko azpiegiturak hobetzea ahalbidetu dute. Ildo horretan, inbertsio gehiena mantentze-lanetarako eta hobekuntzetarako erabili da, ahalik eta egoera onenean erabili ahal izateko. Horrela, 64.957 euro inbertitu dira Legarda futbol zelaian. Hockey-zelaira 22.370 euro bideratu dira. Frontoien instalazioak ere hobetu egin dira 22.000 euroko inbertsioari esker. Atxurizubiko errugbi zelaian ere 15.150 euro erabili dira. Atletismo pistarako 7.000 euro bideratu dira. Skate gunea prest jarri da 5.000 eurorekin eta Larreta futbol zelaia 3.500 eurorekin.

Ildo horretan, Udalak instalazio horiek arduraz erabiltzera animatzen ditu mungiarrak, Mungiako gizarte- eta kirol-bizitzarako funtsezkoak diren espazio komun horiek zainduz.