Albisteak

Mungiak hainbat jarduera antolatu ditu Mugikortasunaren Europako Astea dela eta

Mungiako Udalak bat egin du aurten ere Mugikortasunaren Europako Astearekin, eta 2030 Agendaren barruan hainbat jarduera antolatu ditu irailaren 19tik 22ra, mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta herritarrak emisio kutsatzaileak murriztearen garrantziaz kontzientziatzeko. Aurten, garraiobide desberdinen konbinazioa sustatzen duen Europako kanpainaren lelopean, egoera bakoitzean garraiobide egokiena erabiltzeko aukerari buruz hausnartzera gonbidatzen da, berotegi-efektuko gasen murrizketa eta hiriko airearen kalitatearen hobekuntza sustatuz.

Leire Bilbaok Mungiako Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "ekintza hauek beharrezkoak dira gaztetxoei jasangarritasunaren garrantzia erakusteko, bai eta emisio kutsatzaileak murriztearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko balioko duten tresnak eta ezagutzak emateko ere". Horrela, Mugikortasunaren Europako Astearen eta "Nire autorik gabeko eguna"-ren barruan, Udalak haur zein helduek parte hartu ahal izango duten jardueren agenda prestatu du.

Horrela, irailaren 19an, eskola-umeak eta udal-ordezkariak Mungiako erdigunean bilduko dira "OINEZ BUSA" jardueran parte hartzeko, irailaren 22an ospatzen den "Autorik gabeko Munduko Eguna" ospatzeko. Gainera, jarduera honek 2030 Eskola Agendaren ikasturte berriari ongietorria egiteko balioko du.

Irailaren 20an, ostirala, 16:30etik 19:30era, Valentin Uriona Txirrindulari Klubaren eskutik, Matxin Plazan "BIZIESKOLA" jarduera egingo da, Mungiako bidegorrietan barrena bizikletaz mugitzen ikasteko. Ondoren, bizikleten gymkhana egingo dute. Jarduera hau 9 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago. Egun horretan bertan, irailaren 20an, 18:00etatik 20:00etara, Euskal Pizkunde etorbidean, EGUZKI KOTXEEN ERAKUSKETA bat eskainiko da, non eguzki kotxetxoen modeloak eta excalextric interaktibo bat erakutsiko diren, publiko guztientzat, familientzat barne.

Irailaren 21ean, 10:00etatik aurrera, ‘biologo batek gidatutako oinezko ibilbidea’ egingo da, "Ibili eta ezagutu Mungiako parkeen ingurumen-balioak eta Uriguengo parke botanikoaren altxorrak" lelopean. Irteera Matxin plazatik izango da.

Mugikortasuna eta iraunkortasuna etorkizun hobe baterako

Jarduera horiekin, Mungiak bat egiten du mugikortasun berdeago, eskuragarriago eta iraunkorrago baten alde egiten duen Europako ekimenarekin, eta herritarrei dei egiten die modu aktiboan parte har dezaten aztarna ekologikoa murrizten eta herriko ingurune naturala hobetzen.