Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Mungiako Udalarekin lankidetzan, 50 eta 74 urte bitarteko biztanleak animatu ditu kolon eta ondesteko minbizia goiz antzemateko proba egitera. Ekimena Osakidetzak minbizi mota hau prebenitzeko abiarazi duen eta Mungian abenduaren amaierara arte hedatuko den kanpainaren barruan kokatzen da.
Kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko testa egiteko kanpaina honek herritarrak animatu nahi ditu kolon eta ondesteko minbizia goiz antzemateko proba egitera: gorozkietan ezkutatutako odolaren testa, alegia. Horregatik, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkartea tokiko eragileekin harremanetan jarri da (farmaziak, elkarteak...), kanpaina hedatzeko laguntza eskatu eta, hartara, proba egitera animatzen direnen partaidetza areagotzeko. “Osakidetzak 2022an emandako azken datuen arabera, 50 eta 69 urte bitarteko herritarren % 70,12k egin zuen proba Mungian. Kasuen % 4,19 positiboak izan ziren”, zehaztu du Arantza Gonzalezek, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio eta informazio koordinatzaileak.
Alaitz Erkorekak, Mungiako alkateak, osasun prebentzioaren beharra eta garrantzia azpimarratzen du, eta bizitzak salbatzeko ezinbesteko tresnatzat jo du: “minbiziaren detekzio goiztiarrak, kasu honetan kolon eta ondestekoa, baina gaixotasun gehiagotara zabal daitekeena, aldaketa handia eragin dezake pertsona askoren bizitzan. Proba erraz baten bidez, hasierako fasean izan daitezkeen arazoei aurre egiteko aukera dugu, tratamendua askoz eraginkorragoa denean eta sendatzeko probabilitatea askoz handiagoa denean. Horregatik, Udaletik, mungiarrak animatu nahi ditugu programa honetan parte hartzera. Elkarrekin gure komunitatea indartzen eta gure osasuna zaintzen jarrai dezakegu”.
“Aurten, Osakidetzak 74 urtera arte zabaldu du adin-tartea. Beraz, gonbidapena 50 eta 74 urte bitarteko herritarrei zuzenduta dago, gorozkietan ezkutatutako odola antzematen duen proba egin dezaten. Testa oso erraza da: etxera aldez aurretik bidaltzen den ontzian gorozkien lagin txiki bat hartu eta osasun-zentrora eraman behar da. Ondoren, lagin hori aztertu egingo da, odolik dagoen ala ez antzemateko. Emaitzak SMS eta gutun bidez bidaliko zaizkio pertsona bakoitzari, bigarren proba bat egin behar duen adieraziz. Hala behar bada, osasun-zentrora joateko adieraziko zaio pertsona horri, familia-medikuntzako langileek baloratu dezaten ea beharrezkoa den kolonoskopia bat egitea, horrek argitu ahalko baitu zergatik dagoen odola gorozkietan eta, lesiorik badago, tratamendu egokian eman”, zehaztu du Gonzalezek.
Gorozkietan ezkutatutako odolaren testa higienikoa eta erosoa da; ez du arriskurik sortzen, eta ez du aurretiazko hitzordurik behar. Etxean bertan jasotzen da kita, lagina nola hartu eta nora eraman azaltzen duten jarraibideekin batera.
Gaur egun, kolon eta ondesteko minbizia EAEn intzidentzia gehien duen tumorea da, urtean 2.000 kasu baino gehiago baitaude, gehienak gizonen artean. Orain arte, kolon eta ondesteko minbizia goiz antzemateko Osakidetzaren programak 36.000 lesio aurre-gaizto eta 4.200 tumore inbaditzaile baino gehiago antzeman eta tratatu ditu indarrean daramatzan 14 urteetan. Horietatik % 70,64 gaixotasunaren hasierako faseetan antzeman dira. “Test honek garrantzi soziosanitario handia dauka eta bizitza salba dezake, kolon eta ondesteko minbizia goiz antzematen bada sendatzeko aukerak % 90ekoak baitira”, gogorarazi du Gonzalezek.
Hala, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Udalarekin lankidetzan, testa egitera gonbidatu ditu herritarrak; bereziki, arrazoi desberdinen ondorioz parte hartzeko ohiturarik ez dutenak. Azkenik, Elkarteak argi utzi nahi izan du edozein pertsonak egin dezakeela proba, osasun-identifikazioko txartela izan nahiz ez. Txartelik eduki ezean, aski da 900 84 00 70 telefono zenbakira deitu (doan) eta proba egiteko erregistratzea.