Albisteak

Mungiarrek dagoeneko aukeratu dituzte aurrekontu parte-hartzaileen bidez gauzatu nahi dituzten proiektuak

Azaroan hautatutako proiektuak bozkatzeko Mungiako aurrekontu parte-hartzaileen bigarren fasea amaitu ondoren, Udalak laster hasiko ditu herritarren aldetik boto gehien jaso dituzten sei proiektuak gauzatzeko izapideak: argiak instalatzea eta konpontzea, hiriguneko eremuetan labaintzearen aurkako tratamendua egitea, hiri-altzari berriak jartzea, banku estaliak jartzea, Aita Elorriaga bidea Gamiz bidera oinezkoentzat egitea, eta txakurren aisialdirako gune berri bi Atxurizubi kalean eta Gamiz bidean.

"Aurten ere eskerrak eman nahi dizkiegu mungiarrei aurrekontu parte-hartzaileekin parte hartzeagatik. Prozesuaren bigarren zati hau irekita egon den egun hauetan, guztira 588 pertsonak parte hartu dute, eta parte-hartzea handitu egin da iazkoarekin alderatuta. Horrela, Udaletik herritarren entzute aktiboaren bitartez lanean jarraituko dugu, mungiarrok guztion artean nahi dugun Mungia eraikitzeko helburuarekin", azaldu du Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak.

Horrela, bigarren faseko parte-hartzeari buruzko datuak positiboak dira, 588 galdetegi bildu baitira. Partaidetza generoaren arabera aztertuz gero, emakumeen parte-hartzea gizonena baino handiagoa dela ikus daiteke, onartutako guztizko parte-hartzearen %58,6ra iristen baita. Prozesuan erabilitako hizkuntzari dagokionez, %69,6 gaztelaniaz izan da, eta %30,4, berriz, euskaraz.

Bere konpromisoa betez, Mungiako Udalak laster martxan jarri ahal izango ditu hautatutako proiektuak gauzatzeko izapideak, eta guztira 200.000€ bideratuko ditu horretarako. Hona hemen:

-Luminariak instalatzea eta egoera txarrean daudenak konpontzea eremu ez-seguruak hobetzeko.
-Hiriguneko zona arazotsuetan tratamendu irristagaitza egitea.
-Hiri-altzari berriak jartzea eta dagoena berritzea (bankuak, iturriak, paperontziak...).
-Estalitako bankuak instalatzea.
-Aita Elorriaga bidea oinezkoentzat bihurtzea (Ramontxu taberna), Gamiz bidera (gimnasioa).
-Txakurren aisialdirako gune berri bi Atxurizubi kalean eta Gamiz bidean.