Egitarau osoa hemen 👉 https://labur.eus/nHOpb
"Gabonetan Bizi Mungia" lelopean, Gabonak Mungiara itzuliko dira, publiko guztientzako jarduerak biltzen dituen programazioarekin. Horrela, abenduan eta urtarrileko lehen astean ohikoa den bezala, Udalak, herriko hainbat elkarterekin batera, ekitaldi ugari aurreikusi ditu, besteak beste, tailerrak, kaleko ikuskizunak, kontzertuak, zinea, jokoak, herri kirolak eta lehiaketak, baita jarduera tradizionalenak ere, hala nola Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Gabonetako azoka, haurrentzako parkea edo gabon kanten topaketa. Gabonetako egitaraua Errege bezperara arte luzatuko da. Egitarau osoa www.mungia.eus webgunean dago.
Urtero bezala, abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiren etorrera da mungiar haurrek gehien espero duten unea. ongietorria ematea da. Ikazkin maitearekin eta Mari Domingirekin egongo diren lagunak 16:30ean irtengo dira Landetxo baserritik eta 18:00etan iritsiko dira udaletxera, Mungiako kaleak zeharkatu eta ilusioz bete ondoren.
Mungian Euskeraz Alkartea, Basapizti Taldea, Tallu Mendizale Taldea, Amilotx Dantza Taldea, Gure Ametsa Txistulari Taldea, J.M. Arregi Abesbatza, Txispeleta Eskaut Taldea, Udal Musika eta Dantza Eskola, Bentades Ikastetxea, Larramendi Ikastola, Laukarizko Eskola, Legarda Ikastetxea, eta Mungiako Udala arduratuko dira Gabon Gauaren aurreko orduetan ekitaldi hau eszenaratzeaz. Aldez aurretik, abenduaren 14, 15, 21 eta 22an, 17:00etatik 20:00etara, Mari Domingik Olentzerori zuzendutako gutunak jasoko ditu Izenduba Basoan.
Gabonetako azoka eta haur-parkea
Abenduaren 13tik 24ra Gabonetako Azoka itzuliko da artisautza postu ezberdinekin Matxin plazan. Abenduaren 13, 14, 15, 20, 21 eta 22an ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara izango da. Abenduaren 16, 17, 18, 19 eta 23an arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara izango da ordutegia. Abenduaren 24an, goizez baino ez dira irekiko postuak, 11:00etatik 14:00etara.
Gabonetako Haur Parkearen kasuan, abenduaren 27an eta 28an egongo da zabalik udal pilotalekuan, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa izango da eta aforo mugatua.
Tailerrak, zinema, kale antzerkia, kontzertuak... Mungian
Baina Udalak antolatutako egitarauak magiaz eta kolorez beteko dituen jarduera ugari ere biltzen ditu. Ildo horretan, abenduaren 13an, ostirala, Gaztegunean xaboiak egiteko tailerra egingo da 18:30ean. Jarduera horrek aforo mugatua izango du eta aldez aurretik izena eman beharko da. Egun horretan bertan, 19:00etan, "Glowdrums"ek azokaren inguruak girotuko ditu. Hurrengo egunean, abenduaren 14an, Gaztegunean Gabonetako gaileta tailerra egingo da 18:30etatik aurrera. Ondoren, 20:00etan, "Lost in covers" taldeak kontzertua eskainiko du Foruen plazan.
Ostiralean, hilak 20, 18:00etan, Andra Marik "Mari Domingiren sekretuak" izeneko ipuin kontalariari emango dio aterpe. Ordu berean, "BCN Boxing Nights" boxeo ekitaldia egingo da udal pilotalekuan eta haurrentzako diskofesta Foruen plazan, 20:00etatik aurrera. Larunbatean, hilaren 21ean, 18:30ean, 12 urtetik gorako haurrek larruzko zorroak sortzeko tailerra izango dute Gaztegunean, aldez aurretik izena emanda. "Elipsión" taldeak azokaren inguruak alaituko ditu bere musikarekin.
Abenduaren 27an, Lorratz Erromeriak Foruen plaza dantzan jarriko du 19:30etatik aurrera. Hurrengo egunean, 18:30ean, Gaztegunean nazioarteko sukaldaritza tailerra izango da, eta ondoren, Andra Marin diskofesta izango da Pako & Iosu DJen eskutik 19:00etatik aurrera.
Bestalde, Olalde Aretoak, gabonetan, askotariko programazioa eskainiko du, familia osoarentzako hainbat ikuskizun eta zinemarekin. Abenduaren 28an, 18:00etan, keinu eta clown "SOLO" ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu. Abenduaren 30ean "GO!AZEN 11.0"k bi kontzertu eskainiko ditu Olalde Aretoan, 16:30ean eta 19:00etan. Urtarrilaren 3an, 20:00etan, SPIRIT taldeak gospelaren sustraiak eta soularen bibrazioak uztartuko ditu "Let It Be" ikuskizunean, non gospel kantu handiak eta XX. mendeko musika espirituala sartzen diren.
Udal kiroldegiak ere bat egiten du Gabonekin eta Uraren Jaia ospatuko du uretako puzgarriak eta jolasak eginez igerileku sakonean eta txikian. Abenduaren 27an izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Nabarmentzekoa da Gaztegunean 12 urtetik gorakoentzako dantza tailer bat egingo dela abenduaren 26an eta 27an, eta urtarrilaren 2an eta 3an, 11:00etatik 13:00etara. Urtea amaitzeko, abenduaren 31n, Dunbots Fanfarriak Mungiako kaleak girotuko ditu 12:30etik aurrera.
Errosko solidarioaren jaia
Abenduaren 5ean, ERROSKO JAIA ospatuko da, ohiko erroskoi eta txokolate bero banaketarekin. Hori guztia Txulalai taldearen "Txikifesta" ikuskizunarekin girotuta. Bildutako dirua DANAk eragindako hondamendiak kaltetutako pertsonei eta komunitateei laguntzeko erabiliko da.
Beste jarduera batzuk
Mungiako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak ere hainbat jarduera antolatu ditu hilabete osoan zehar. Hala, abenduaren 7an talo tailerra izango da Matxin plazan 11:30etik 14:30era eta herri kirolak 17:00etatik 20:00etara. Abenduaren 14an, 11:30etatik 14:30etara eta 17:00etatik 20:00etara Andra Marin egurrezko hainbat jolas jarriko dira. Abenduaren 21ean Andra Marin Montessori parkea eta lore tailerra egongo dira 11:30etatik 14:30etara, eta ipuin kontaketa eta eskulanak 17:00etatik 19:30etara.
Larunbatean, hilak 14, Mungian Euskeraz Alkarteak Mihiluze lehiaketa antolatu du Olade aretoan, 16:30ean eta 18:30ean. Egun horretan ere, Mungirocken 9. urteurrena ospatzeko lehen saioa egingo da, Eraso (Zarautz) eta Enbata Lorade (Bakio) taldeen musikarekin. Bigarren saioa abenduaren 28an izango da, Mala decisión (Santurtzi) eta The Lhore Blues Band (Mungia) taldeekin. Bi jardunaldiak 20:30etatik aurrera hasiko dira Mungirocken. Sarrera doan.
Abenduaren 15ean, Bitxikiak Bildumazaleen Elkarteak Gabonetako Arrastoaren XX. edizioa ospatuko du Legardako aterpean 10:00etatik aurrera. Gizaberri Elkartasun Taldeak ohiko gabon kanten topaketa antolatuko du abenduaren 21ean, Andra Mari eta San Pedro elizan, 19:00etan.