Albisteak

"Udagoienean, Musikaz Blai" ekimena bueltan da Mungiako ostalaritza dinamizatzeko

Hainbat musika taldek herriko kaleak dinamizatuko dituzte ostiral arratsalde-gauetan irailaren 20tik urriaren 25era 

Mungiako Udalak, Herriko Merkatari eta Ostalarien Elkartearekin lankidetzan, "Udagoienean, Musikaz Blai" programa jarri du abian, herriko ostalaritza dinamizatzeko helburuarekin, herriko hainbat kaletan musika-emanaldiak eginez, ostiral arratsalde-gauetan, irailaren 20tik urriaren 25era bitartean. Ekimen honetarako, Udalak 21.000 euro inbertitu ditu "Mungia Indartzen" planaren bitartez. 

Horrela, ostiralero, irailaren 20tik urriaren azkenera arte, 20:00etatik aurrera, 6 musika taldek herriko hainbat tokitan joko dute modu ibiltarian (egunero musika talde bat Mungiako zonalde batean) eta estilo ezberdinekin, euskal kantu tradizionaletatik hasi eta hamarkada eta zerga ezberdinetako musikaraino, besteak beste. Mungiako Udalak honako talde hauek aukeratu ditu: La Kermés del Vermú, Fiebre del Sábado Noche, Bilbotxeros, La tía Ska, Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta The Nowhere Plan.

Ibilbideen egutegia honako hau izango da:

Irailak 20 - Matxin Plaza - La Kermés del Vermú
Irailak 27 - Landetxo eta Intxausti Eresgile kaleetan - Fiebre del Sábado Noche
Urriak 4 - Aita Zameza eta Butroi kaleetan - Bilbotxeros
Urriak 11 - Lauaxeta Olerkari, Neurketa eta Zubiaga kaleetan - La tía Ska
Urriak 18  -  Aita Arrupe, Elorduigoitia eta Trobika kaleetan - Bentazaharreko Mutiko Alaiak
Urriak 25 - Aita Elorriaga kalean - The Nowhere Plan
 
Ekimen hau "Mungia Indartzen" programaren barruan dago. 2020an sortu zen, Mungiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduak suspertzeko, eta Udalak eutsi egin dio tokiko negozioei laguntzen jarraitzeko. Ildo horretan, Mungiako Udaleko Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotzi Bakarne Egiak azpimarratu duenez, "helburua tokiko ekonomia suspertzea da, laguntza eta inbertsio ekonomikoei lotutako ekimenen bidez, hala nola programa hau edo Mungibonoakoa, Mungiako merkataritzaren sektorea dinamizatzeko ekainean abiarazitakoa", eta "gure esku dagoen guztia ematen jarraitu nahi dugu, gure udalerriaren pultsu ekonomiko eta soziala mantentzeko".