Albisteak

Foru Aldundiak eta Mungiako Udalak Sukalki Egunean sortutako hondakinen gaikako bilketa bultzatuko dute

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mungiako Udalak Sukalki Egunean sortzen diren hondakinen gaikako bilketaz kontzientziatzeko eta bilketa mota hau bultzatzeko ekimen bateratua garatuko dute igande honetan, uztailaren 7an, Mungian. Jarduera honi esker foru erakundeak honelako ospakizunen gaikako bilketaren potentzialari buruzko informazioa bildu ahal izango du.

Sukalki Eguna Mungiako jaien egutegian klasiko bihurtu den lehiaketa gastronomikoa da eta edizio honetarako 3.000 pertsona inguru biltzea itxaroten da ekitaldian parte hartuko duten 300 talde baino gehiagotan banatuta. Beraz hitzordu jendetsua da eta hainbat motatako hondakinen bolumen handia sortzen da, gaika bil daitezkeenak. Ondorioz egoera egokia da gaikako bilketa honen kontzientziazio- eta sustapen-ekimen mota hauek garatzeko, horrelako ekitaldiek gure ingurunean duten inpaktua minimizatzearen ondoreetarako.

Igandean egingo den ekintza Sukalki Egunean parte hartzen duten taldeen artean bilketa-kit bat banatzea izango da, bost poltsa motaz osatuta dagoena: poltsa hori bat, ontzi arinak biltzeko (plastikoak, aluminioa, latak...); berde bat (beira jasotzeko); urdin bat (papera eta kartoia); marroi bat (hondakin organikoetarako) eta gris/beltz bat (gainerako hondakinak). Poltsa hauek tinta konpostagarriz inprimatutako kartoi batean sartuko dira eta bertan poltsa bakoitzean  zer hondakin mota utzi behar den adieraziko da.

Kit hauek banatzeko karpa bat jarriko da jai-esparruaren sarrera nagusian eta bertan umeak sentsibilizatzeko gune txiki bat egongo da; sentsibilizazio-ariketa hau jolas baten parte hartuz eta dibulgazio-materialaren eta edukiontzi bakoitzean utzi beharreko hondakin motei buruzko informazio-panel batzuen bidez garatuko da. Edukiontzi hauetan BizkaiRezikla tresna digitala ere zabalduko da; web honetan ondoren birziklatu edo eraldatzeko hondakinen bereizketari buruzko xehetasun guztiak kontsulta daitezke eta hondakin bakoitza zein edukiontzitan bota behar den argitzen da. Karpa honen ondoan bildu beharreko hondakin-frakzio bakoitzeko edukiontzi batzuk jarriko dira, lehiaketa gastronomikoa amaitu ondoren banatutako poltsak uzteko. Horrez gain, erabilitako olioa karpan bertan uzteko aukera izango da, ondoren antolatzaileak hartu era kontrolatuan tratatzeko.

Kitak banatzeaz eta informazio osagarria emateaz Sare Berdeak programako boluntarioen talde bat arduratuko da. Programa hau Bizkaiko Foru Aldundiak modu aktiboan laguntzen duen ingurumen-ekintzak garatzeko ekimena da eta boluntario hauek petoarekin eta biserarekin identifikatuta egongo dira.