Albisteak

Mungiako Udalak ibilbide botaniko bat instalatu du Uriguen parkean

Ibilbide honetan, 32 zuhaitzen bitxikeriak ezagutuko ditugu. Zuhaitz horiek landare-espazio honetan bizi diren 90 espezie baino gehiagoren bilduma osatzen dute.

2022ko Aurrekontu Parte-hartzaileetako proiektu bozkatuenetako bat errealitate bat da. Izan ere, Uriguen parkean ibilbide botaniko bat sortu da, gune horretan bizi diren zuhaitz-espezie adierazgarrienak eta berezienak balioetsi eta ezagutarazteko. Mungiako Udalak 14.500 euroko inbertsioa egin du proiektua gauzatzeko.

Alaitz Ekorekak, Mungiako alkateak, honako hau adierazi du: "Proiektu honek herritarrek eurek eskatutako eskaerei erantzuten die, kasu honetan iazko Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez. Aurrera eramateko konpromisoa hartu genuen, udalerri honek landare-aberastasun handia duelako, eta hori miretsi eta babestu behar dugulako. Gainera, uste dugu garrantzitsua dela mungiarrak horretaz jabetzea eta ezagutzea ".

Izan ere, Uriguenen zuhaitz eta zuhaixka ugari daude, eta ezaugarri ugari dituzte: kolorea, itxura, aromak, fruituak, loratzea, forma, etab. Guztira, parkean identifikatuta dauden 90 espezie baino gehiagotatik 32 hautatu dira, haien tamaina, ezaugarriak, berezitasuna edo ugaritasuna kontuan hartuta, exotikoak zein bertakoak. Horietan plakak jarri dira eta  espeziearen izena (euskaraz, gaztelaniaz eta izen zientifikoa) eta QR kode bat agertzen dira. Kode horri esker, informazioa handitu ahal izango da https://www.mungia.eus/uriguen-parkea webgunean, informazio-, ikus- eta audio-edukien bidez. "Bisitariek zuhaitza edo zuhaixka ikusi ahal izatea nahi dugu testuak entzuten edo irakurtzen dituzten bitartean, ahalik eta pertsona gehienek oztoporik gabe informazio hori eskuratzeko gai izan daitezen", adierazi du alkateak.

Era berean, ibilbide botanikoari ongi etorria emateko, Udalak informazio-panel bat jarri du parkearen sarreran, ekimen horren aurkezpen batekin, identifikatutako espezieen plano batekin eta informazio guztia eskuratzeko QR kode batekin.