Albisteak

Amaitu dira Larrabizkerreko Urbanizazioko obrak

Larrabizkerreko Urbanizazioko obrak amaitu egin dira. Horrela, Mungiako Udalak, beharrezko prozesuak egin eta urbanizazioa egokitzeko azken lanak amaitu ondoren, lursaila jaso du, eta, beraz, Udalaren titulartasunekoa izatera igaro da. Era berean, Udala abian da lehen okupazioko lizentzien tramitazioarekin.

Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak adierazi duenez, "legegintzaldiaren hasieran Agintaldi Planean konpromisoa hartu genuen bezala, gobernu-taldearen helburuetako bat Larrabizkerren udal-lurzoru berria jartzea zen, babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) eraikitzea errazteko". Ildo horretan, alkateak honako hau gaineratu du: "gure helburua babes ofizialeko etxebizitzak sortzen laguntzea da, Mungiako gazteak emantzipatzeko eta behar duenak etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezan. Eta, horretarako, beharrezkoak diren prozesuak egingo ditugu, proiektu horien esku udal-titulartasuneko lurzorua jartzeko".

Horrela, obren amaierarekin eta Udalak urbanizazioari harrera egitearekin batera, alde guztietako ordezkariek urbanizazioaren egoera egiaztatzeko bisita egin ondoren, amaitutzat ematen dira Larrabizkerreko urbanizazioaren inguruko prozesu guztiak.

Larrabizker

36 hektareako azalerarekin, Larrabizker auzoa lurraldeko bizitegi-sektore erakargarrienetako bat da, eta ingurune natural baten lasaitasuna eta hirigunearekin lotura bikaina uztartzen ditu. Gainera, lurrak irisgarritasun inbidiagarria du; izan ere, bidegorria auzo osotik igarotzen da, eta herriko puntu ezberdinekiko lotura errazten du.

Baina Larrabizker bere kokapen bikainagatik ez ezik, biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko pentsatutako azpiegiturengatik ere nabarmentzen da. Dituen espazio publikoen artean, hiru haur-parke eta parke bioosasungarri bat daude, adin guztietako familia eta pertsonen gozamenerako diseinatuak, ingurune berde batean aisialdi osasungarria sustatuz.

Horrela, babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoru publikoaz gain, Larrabizkerrek merkataritza- eta gizarte-ekipamendurako lokalak izango ditu, auzo dinamiko eta buruaskia sortzen lagunduz; hezkuntza- eta kirol-ekipamendua, bizilagunen ongizatearekiko eta ikaskuntzarekiko konpromisoa indartuz; eta familia bakarreko etxebizitzetarako partzelak, zonako etxebizitza-eskaintza osatzen jarraituko dutenak.