Landetxo Goikoa baserria Bizkaiko baserrien oinarrizko arketipoa dela esan daiteke: karrerape handidun hiru zatiko fatxada eta alboetan harrizko bi gorputz dituen baserria, hain zuzen. Hala ere, ez dirudi Landetxo baserria garai hartako baserrien ohiko eredua zenik, haren eraikuntza-kalitatearen maila pentsa ezinezkoa baitzen XVI. mendeko nekazarien etxe gehienetan.
Nola nahi ere, benetako baserria da eta Bizkaiko herri-arkitekturaren elementu bereizgarriak biltzen ditu, baina oso modu fin eta goiztiarrean gauzatuta.
1510. urte inguruan eraiki zuten, eta baserritar familia dirudun baten etxea izan zen. Familia hark ziurrenik baliabide onak izango zituen, baina ez, ordea, nekazaritzan eta abeltzaintzan jardun gabe bizitzeko lain.
Landetxo Goikoak oso oinplano luzanga du, eta hiru zatitan banatutako aurrealde simetrikoa dauka: harlanduzko hegalak aurreratuta daude, eta arku zorrotzeko leiho bina dute. Alde handia dago aurrealdeko harlandu finaren eta gainerako fatxadetako harlangaitz eskasaren artean. Erdiko aldean dinteldun karrerapea dago eta goiko solairuan, aldiz, panelez, arkutxoz, zutabe zizelkatuz eta oholez osatutako galeria batek ixten duen lastategi ederra. Baserriaren aurrealdeko arotzeria-lana miresgarria da, baina baita eraikina eusten duen egitura ere: petralen eta kontragoihabeen artean zepoz segurtatutako tirantez osatutako petral-egitura definitzen duten zutabe erabat exentuek osatzen dute.
Baserriak bi solairu ditu: behekoan etxebizitza zegoen eta lehen solairuan, aldiz, lastategia, biltegia eta gerora lehortegi moduan erabili ziren aletarako zenbait espazio erdi hermetiko. Altuera bikoitzeko suburudun sukaldea zeukan erdian.
Etxebizitza eta korta bereizten zituen suhesi-mehelinak bitan banatzen du baserria. Joan den mendeko laurogeita hamarreko hamarkada hasieran sute bat gertatu zen baserrian, eta suaren kontrako sistema horri esker onik atera ziren aurreko bi hormatarteak, korta guztiz kiskali zuten garretatik salbatu baitzituen.
Azken Landetxotarrek euren maizterren esku utzi zuten baserria XVIII. mendean. Laurogeiko hamarkada amaieran Landetxo Goikoa betiko geratu zen hutsik, eta berehala hasi zen hondatzen. Utzikeria horren ondorioz, baserriak sute bi jasan zituen elkarren segidan. Desagertzeko zorian zegoela zaharberritze-lan handiak egin zizkioten garai bateko handitasuna berreskuratu eta XVI. mendeko baserriaren jatorrira buelta zedin.
Gaur egun Landetxo Goikoak Olentzeroren etxea eta euskal mitologiari buruzko parkea hartzen ditu.