Historiaurrean Mungialdean jendea bizi zela erakusten duten zenbait aztarna badaude ere, esate baterako, Berreagako kastroa eta Mungia inguruko zenbait herritan aurkitu izan diren garai ezberdinetako hilarriak, herriari buruzko idatzizko lehen aipamena 1051. urtekoa da, Mungiako abate batek (Mome Munchiensis abba) Bizkaiko Jaunak Donemiliagako monasterioari egindako dohaintza berretsi zuenekoa.

Litekeena da Mungia izenaren jatorria "mune ganean" izatea, Butroe ibaiaren ondoko muino baten gainean sortu baitzen. Hasieran elizaren inguruan sakabanatutako herria baino ez zen izango, baina apurka-apurka garrantzia hartzen joan zen, alde batetik elizaren administrazio-gunea izango zelako (herrian abatea egon izanak horixe pentsarazten du), eta bestetik, jaurerriaren barnealdetik kostaldera joateko bidean zegoelako, bereziki Bermeora joateko orduan. Garai hartan Bermeo esportazio-portu garrantzitsu bihurtzen ari zen.

Gauzak horrela, nobleziako zenbait familia garrantzitsu herriaren inguruan finkatu ziren eta bertan eraiki zituzten euren dorretxeak, eta lurraren ustiapenean oinarritu zuten euren botere ekonomikoa.


XIII. mende amaieran nekazaritzak eta abeltzaintzak krisi larria jasan zuten eta, nola ez, familia horien ekonomia kaltetu egin zen. Irabaziak murriztu zitzaizkiela ikusita, aberastasun-iturriak hobeak aurkitzen saiatu ziren eta sarritan baliabiderik errazena erabiltzen zuten hori lortzeko: indarkeria. "Baliotsuagoa izatearen" aitzakiapean elkarren kontra borrokatu ziren, baina Bandokideen arteko gudu horiek nekazariak ere hartu zituzten tartean, eta herri xehea izan zen sarraskiak gehien sufritu zituena.

Izan ere, Mungia inguruan bando bietako familiak zeuden: Billela familia Ganboatarren aldekoa zen eta Butroe familia, aldiz, Oinaztarren bandoko burua. Euren dorretxeak elkarrengandik gertu zeuden, beraz, bien arteko borrokak asko eta asko izan ziren.

 

Mungiako uria egoera horren ondorioz sortu zen, izan ere, jauntxoen gehiegikeriak ikusita, inguruko herritarrek uri izateko pribilegioa eskatu zioten garai hartan Bizkaiko Jauna zen Don Joan infanteari, herria hesiz inguratu eta euren lurra suntsitzen zuten haien erasoetatik hobeto babestu ahal izateko.

Horrelaxe jaio zen Logroñoko foruaren menpeko Mungiako uria 1376ko abuztuaren 1ean, izen bereko elizatearen erdi-erdian.


Uria eta elizatea biak zeuden Uribeko merinaldean. Bakoitzak bere udal autonomoa zeukan, eta Gernikako Batzarretan ere jarleku bana zuten: elizateak 69. jarlekua eta uriak 15. jarlekua.

 

Baina uri izendatu arren inguruko borrokek beren horretan jarraitu zuten, eta hainbat gertakari egon ziren bandokideen arteko gerraren ondorioz. Gorabehera horiek gatazka txikiak izaten ziren sarritan, baina gertaera garrantzitsuagoak ere egon ziren, esate baterako Berteizko bataila eta Mungiako gudua izenaz ezagutzen dena. Azken hori 1479ko apirilaren 27an gertatu zen, eta bertan ordura arte etsaiak izandako Oinaztarren eta Ganboarren bandoak batu egin ziren Haroko kondearen aurka borrokatzeko.

Gertakari horiek albo batera utzita, Mungiako bizimoduak nahiko baketsua behar zuen. Jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza eta abeltzaintza ziren, baina baita inguruko erreka-bazterretan kokatutako hainbat errota eta uriko artisautza-tailer txikiak ere.

Eguneroko bizimodu lasaia gutxitan apurtu zen, baina egon ziren zenbait ezbehar, esate baterako 1602ko sutea edo herriko 14 eraikin garrantzitsu suntsitu zituen 1778ko azaroaren 9ko sute ikaragarria. Azken hori gertatu zenean neurriak hartu zituzten etorkizunean halako beste istripurik gerta ez zedin, eta harrezkero lastoa, egurra, ikatza edo sua erraz har zezakeen beste edozein produktu uritik gertu gordetzen zuten, herriaren atzeko aldean zegoenez "Atzekaldeta" izenaz ezagutuko zen tokian.

Antzeko beste gorabeheraren bat kenduta, Mungiako uriak eta izen bereko elizateak garai lasaiak bizi izan zituzten. Aurreko garaietan bezala, erakunde ezberdinak ziren, baina elkartu egiten ziren zenbait zerbitzu eta hobekuntza lortzeko xedez. Esate baterako, eskola bera zuten biek, eta ura Gondramenditik herrira bideratu zutenean ere, gastuak udal bien artean banatu zituzten. Apurka-apurka gero eta gauza gehiago egiten zituzten batera, eta dualtasunak eragiten zizkien arazoak areagotzen joan ziren, beraz, alde biak batu eta herri bakarra osatzea erabaki zuten.

 

Eta hala egin zuten: 1900eko urriaren 6an, zeremonia baten bidez, uriak eta elizateak bat egin zuten eta harrez gero bat bakarra izatera igaro ziren. Gaur egun Beko Kalen, Arnaga aurrean dagoen iturria "Biak bat eta biena" lelopean egin zen batuketa horren ikurra da.

Mungiarren bizimoduak gorabehera handiegirik gabe egin zuen aurrera. Herriko jarduera ekonomiko nagusia landa-lanak eta nekazaritza ziren, baina artisautza eta merkataritza ere garrantzia hartzen joan ziren 1936ra arte. Gerran, tropa faxisten bonbardaketek gogor zigortu zituzten herrietako bat izan zen Mungia. Herritik erretiratzerakoan, kontrolik gabeko anarkista-taldeek Mungiako hainbat eraikin erre zituzten.

Gerrak herriaren hazkundea geldiarazi zuen, baina 60. hamarkada hasieran eskualdeko industrializazio-prozesuak esku-lan ugari erakarri zuen. Garai hartan horren beharrezkoa zen esku-lan hori estatuko gainerako tokietatik zein inguruko herrietatik etorri zen, beraz, urte gutxiren buruan hainbat eraikin eta kale berri sortu ziren eta herriaren erdigunea nabarmen hasi zen.

 

70. hamarkada amaierako atzeraldiak hazkunde begetatibo negatibodun garai bat ekarri zuen, eta epealdi hori laburra izan bazen ere, eragina izan zuen herriarengan, azken urteetan biztanleria asko hazi baitzen.

Diktadura frankistaren urte luzeetan herritarren elkarteak izan ziren erresistentzia-mugimenduaren muina. Asko eta asko izan ziren laguntza eske Elizara jo zuten herritarrak, eta Elizak babesa eta laguntza eman zien bai euskal kultura gorde eta berreskuratu nahi zuten, bai kultura demokratiko eta parte-hartzailean bizitzea amesten zuten kultura-, kirol- eta hezkuntza-taldeei. Diktaduraren azken urteetan oso esanguratsua izan zen Lemoizko zentral nuklearraren kontrako mugimendua. Zentrala Basordan dago, garai hartan Mungiako udalaren jabetzakoak ziren lurretan.

1977an diktadura osteko lehen udal demokratikoa aukeratu zuten herritarrek.