San Antontxu
18
Urtarrila

San Antontxu eguna San Anton jaiaren biharamuna da, eta azoka handia antolatzen da Mungian: ganadu-erakustaldiak, animaliak, artisautza-produktuak, landare eta frutak, Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketa… Bizkaiko erreferenteetako bat da.

Asteburuan kontzertuak, jarduera kulturalak, herri-krossa, kirol-jarduerak, bertso-saioak eta bertso-paper lehiaketa antolatzen dira. Urtarrilean Bizkaian egiten den jairik ezagunena izango da ziurrenik.

San Pedro
29
Ekaina

Mungiako jaiak San Pedro egunaren inguruan izaten dira, hau da, ekainaren 29 bueltan. Hainbat dira azpimarratzeko moduko jarduerak, esate baterako, jaiei hasiera ematen dioten txupinazoa eta Mari Jataren jaitsiera, baserritar eguna, San Pedro eguna (ekainaren 29a, bertoko jaieguna), San Pedrotxu (ekainaren 30a, gazteentzako jarduerak egiten diren eguna), tortilla-txapelketa, Nagusien Eguna, Umeen Eguna eta, nola ez, jaiei amaiera ematen dien Sukalki Eguna (sukalki lehiaketarik garrantzitsu eta entzutetsuena antolatzen den eguna).

Beko Kale - San Cristobal
10
Uztaila

Uztailaren 10ean egiten den jai honen ezaugarri nagusiak kaleko giroa eta paella-jana dira.

Lauaxeta Kalea - Karmenak
16
Uztaila

Azken urteetan amabirjinari egindako lore-eskaintza batekin hasi izan dira jaiak, eta ondoren umeentzako jokoak egiten dira. Horren ostean herri-bazkaria egiten da eta bazkalostean mus-txapelketa. Eguna sardina-janarekin amaitzen da.

Llona auzoa - Madalenak
22
Uztaila

Hainbat ekintza egiten dira: zaindariaren omenezko meza, kalejira eta sukalki-lehiaketa.

Laukariz auzoa - Santiago eta Santa Ana
25
Uztaila

Jaiotan egiten den tortilla-lehiaketa Mungialde osoan da ezaguna, baina herri-bazkariaz gain nabarmentzekoak dira, baita ere, mendi-martxa eta Laukarizko harriarekin egiten den harri-jasotze norgehiagoka.

Trobika auzoa - San Inazio
31
Uztaila

Trobika auzoko Santa Mariñe baselizan ospatzen da egun hau. Meza, txokolatada eta bakailao-lehiaketa egiten dira, eta bertsolariak egoten dira jaia girotzeko.
Iluntzean erromeria egoten da eta ondoren, indarberritzeko, saiheski-jana.

Billela auzoa - Birleko Kofradi jaiak
Lehen Igandea
Abuztua

Hainbat eta hainbat izaten dira auzo honetan antolatzen dituzten lehiaketak: briska-txapelketa, tortilla-lehiaketa, asto-karrerak eta baita futbito-txapelketa ere. Erromeriak ere egiten dira.

Markaida auzoa - Salbatore jaiak
6
Abuztua

Abuztuaren 6 eta 7an egiten diren jaiok baselizan egiten den mezarekin hasten dira. Ondoren auzokoentzako luntxa egoten da eta baita umeentzako jolasak ere. Arratsaldean futbolin-lehiaketa, tiragoma-lehiaketa eta barraskilo-lasterketa. Jaiak amaitzeko, erromeria.

Laukarizko San Lorentzo jaiak
10
Abuztua

Abuztuaren 10eko San Lorentzo jaietan luntxa egiten da meza ostean.

Emerando auzoa - Kofradi jaiak
Bigarren Igandea
Abuztua

Herri-bazkaria, mus-txapelketa, tortilla-txapelketa eta erromeria egiten dituzte.

Atxuri auzoa - San Bernardo
20
Abuztua

Abuztuko hirugarren igandean herri-bazkaria antolatzen dute eta ondoren mus- eta tute-txapelketa egiten dute, baina baita arroz-esne txapelketa ere. Aipagarria da jaiotan prestatzen duten eskota, eta baita Amilotx dantza-taldearekin batera antolatzen duten kalejira ere.

Belako auzoa - Eneperiak
31
Abuztua

Abuztuaren 31n, meza ostean, Amilotx dantza-taldeak dantza-alardea eskaintzen digu urtero Mungiako Atela auzoan. Ondoren mus-txapelketa egiten da eta arratsaldean, aldiz, tortilla-lehiaketa, sardina-jana, eta azkenik, erromeria.

Larrauri auzoa - Mesedeetako Ama
24
Iraila

Mungialdean oso ezagunak dira jaiok kontzertu eta berbena ugari egoten baitira. Gainera, sukalki-lehiaketa, umeentzako jolasak eta kalejirak ere antolatzen dira.

Zumetzaga - San Migelak
29
Iraila

Egun horretan meza egiten da eta ondoren bertsolariak, saiheski-jana eta tortilla-lehiaketa egoten dira, eta Mungiako eskola-umeen arteko herri-kirol norgehiagokak ere egiten dira.
Arratsaldean erromeria egoten da jaiak amaitzeko.

Atxuri eta Emerando auzoak - San Martin jaiak
11
Azaroa

Auzo bietan meza egiten da egun hori ospatzeko, eta ondoren luntxa antolatzen dute baselizen aurrean.

Birleko San Andres jaiak
30
Azaroa

Azaroaren 30ean San Andres eguna ospatzen da Birlen. Zaindariaren omenezko meza ostean luntxa egiten dute, eta ondoren idi-probak egoten dira probalekuan.