Ez dakigu Torrebillela noiz eraiki zen, baina uste dugu XIV. mende amaiera inguruan izango zela, Billelatarren leinuak gora egin zuenean. Baliteke orduan oso-osorik harrizkoa ez izatea, izan ere, 1511 eta 1514. urteetako agirietan Billelatarren urkamendi gisa agertzen da, eta badirudi garai hartako Bizkaian izen horrekin ezagutzen zirela ia egur hutsez egindako eraikinak.
Ondoren hainbat aldaketa jasan zituen, baina garrantzitsuena XIX. mende erdi aldera egin ziotena izan zen, kanpotik egun duen itxura eman ziona: erantsita zituen zenbait eraikin kendu zituzten, barruko aldea berriztatu zioten, bi solairu edukitzetik hirura pasatu zen, dorreari bao berriak ireki zizkioten eta almenak berregin zituzten.

Era berean, dorretxearen lehen solairuak estaltzen zituen estilo errebibalistako jauregi bat eraiki zuten haren hiru fatxadaren inguruan.

Argi dago dorretxea fase ezberdinetan eraiki zela, baina lehenengo biak, behintzat, elkarren segidakoak izango ziren ziurrenik.

Aurreko fatxadan garai batean eraikinaren sarrera nagusia izango zenaren arrastoak ikus daitezke, eta litekeena da harrizko eskailera bat ere egon izana. Eskuineko aldean dinteldun bao baten zangoa ikus daiteke, honako hau modernoagoa. Beste puntu batzuetan ere badaude beste bao batzuen aztarnak, baina horiek askoz aldaketa gehiago jasan dituzte.


Jatorrian, etxebizitzak eraikin osoak zuen garaieraren ia erdia hartzen zuen. Horrek arazoak sortzen zituen etxea argiztatzeko eta goiko aldea aireztatzeko orduan, beraz, arku zorrotzeko zenbait leiho txiki zabaldu zituzten gaur egun bigarren solairuaren goiko aldea den puntuan.