Gerra zibil garaian, milizianoek San Pedro eliza xumea suntsitu zuten erretiratzerakoan, eta gerra amaitu ondoren tenplua berreraiki zutenean, harriz harri eraman zuten Erdi Arokoa zen sarrerako ate arku zorrotza. Berregiteko lanak aprobetxatuta elizaren tamaina handitu egin zuten, baina horrela galdu egin zuen hasierako landa-tenplu hark zuen xarma.
San Pedro izan da azken mila urteetan Mungiarren bizitza espirituala gidatu duen eliza. Bertan lurperatuta daude elizaren patroi izandako Butroiko jaunak, izan ere, Erdi Aroan Mungialdeko boteretsuena izan zen familia horren gotorleku espirituala izan zen eliza hau.
Estilo isabeldarreko elizpearen ezaugarririk deigarriena goiko aldean irudikatuta duen zeru-sabaia da, alde banatan eguzkia eta ilargia dituela. Fatxadan tenpluan gurtzen ziren santuen irudiak falta dira: San Pedro, San Pablo eta Andre Maria. Gerra ostean eliza berreraiki zenean ataria bere horretan utzi zuten, eguraldi txarretik babesten zuen estalpea baino ez zioten kendu.
Kanpandorreak makina bat buruko min ekarri dizkio Mungiako elizari, historian zehar hainbat aldiz erori izan baita, eta bakoitzean txikizioak eragin izan ditu, dela tenplu osoan, dela zati batean. XVIII. mendean tximistek birritan eraitsi zuten, eta 1937an milizianoak izan ziren Mungiatik erretiratzerakoan kanpandorrea dinamitaz suntsitu zutenak. Kanpandorre berria ez zuten aurrekoaren toki berean eraiki, eta bestea baino estilizatuagoa den dorre hauxe da Mungiako eraikinik altuena.