Albisteak

Mungiak Errosko Solidarioaren Jaian bildutako 3.000 € baino gehiago emango ditu, DANAk Valentzian eragindako hondamendiak kaltetutako pertsona eta komunitateei laguntzeko

Milaka pertsona hurbildu ziren urtarrilaren 5ean Andra Marira "Errosko Solidarioaren Jaia"-ren hemeretzigarren edizioa ospatzera. Jarduera horren helburua da egoera txarragoan dauden pertsonei edo kolektiboei laguntza eskuzabala ematera bideratutako erakunde, proiektu edo kausei laguntzea. Horrela, aurtengo ekimenean 1.527 € bildu dira errosko eta txokolate beroa 1 eurotan salduz. Udalak kopuru hori bikoiztu egingo du Valentzian DANAk eragindako hondamendiak kaltetutako pertsonei eta komunitateei laguntzeko. Horrela, 3.054 € emango dira.

Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak adierazi duenez, "oso pozik gaude bildutako kopuruarekin, azken urteetako altuenetakoa, eta horrek ez gaitu harritzen, elkartasuna gure udalerriaren ezaugarria baita". Era berean, alkateak honako hau gaineratu du: "badakigu Valentziako hondamendiaren ondorioek ez dutela soilik epe laburrean eragingo; horregatik, Mungiako Udalak laguntzen jarraitu nahi du, eta ahal den guztian laguntzen jarraituko dugu".

Mungiako Babes Zibila

Ohi bezala, Errosko Solidarioaren Jaia udal ekimenak hainbat gonbidatu izaten ditu urtero, merezitako errekonozimendua emateko asmoz. Oraingo honetan, protagonistak Mungiako Babes Zibileko boluntarioak izan dira. Udal ordezkaritzarekin batera, Andra Marin erroskoa eta txokolatea banatzen aritu ziren, Valentziako Danak kaltetutako pertsonei interesik gabe lagundu dieten pertsona guztien izenean.

Izan ere, Mungiako Babes Zibileko taldea osatzen duten pertsona batzuk behin baino gehiagotan joan dira Valentziara, hondamendia gertatu zenetik, beren zerbitzuak behar den guztian eskaintzera. Lehenik eta behin, DANAren ondorioei aurre egiteko bilketa baten bidez lortutako beharrezko materialak garraiatu zituzten Bizkaitik, Laudioko eta Basauriko Babes Zibilarekin batera. Horrez gain, Valentzian garraio-lanak egin dituzte, baita kudeaketa- eta antolaketa-lanak ere. Borondatez eta eskuzabaltasunez eskaini duten laguntza da.

Horregatik, Mungiako Udalak pertsona guztien ordezkari gisa egindako lana aitortu nahi izan du; izan ere, trukean ezer eskatu gabe, Valentzian DANAk eragindako pertsonei lagundu diete.