Mungiak aurrerapauso garrantzitsua eman du gaur goizean Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) onartzeko. Izan ere, HAPOren hasierako onespenaren dokumentua onartu da osoko bilkuran, EAJ-PNV, PSE, Partido Cívica Monte Berriaga eta Mungia Alkartu alderdien aldeko botoekin; EH Bildu abstenitu egin da. Horrela, datozen urteetan udalerriaren hirigintza-garapena markatuko duen plan hau jendaurrean jartzeko faseari ekingo dio orain, eragindako administrazio publikoen txostenak eta herritarren alegazioak jasotzeko.
Dokumentua HAPOaren atariko bertsio bat da, baina osoa, indarrean dagoen Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legean zehazten den edukiarekin, egiturazko hirigintza-antolamendua eta antolamendu xehatua bereizteari dagokionez. Bilkura honetan onartutako planak, besteak beste, honako elementu hauek biltzen ditu: informazio- eta justifikazio-memoria, hirigintza-araudia, antolamendu-planoak, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioaren azterketa, babestutako ondasunen katalogoa eta urbanizazio- eta eraikuntza-ordenantzak. Generoaren araberako Eraginaren Aurretiazko Ebaluazioaren Txostena eta Hizkuntza Eraginaren Azterketa ere jaso dira. Gainera, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera doa. Dokumentu tekniko horrek aukera ematen du estrategia posibleak ebaluatzeko, egokienak hautatuz eta ingurumen-inpaktua minimizatzeko neurri zuzentzaileak ezarriz.
Hasierako onarpen horren ondoren, dokumentua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 45 egun balioduneko epean egongo da jendaurrean. Ildo horretan, herritarrek Udalaren web orrian eta udal bulegoetan kontsultatu ahal izango dute jendaurreko ordutegian (astelehenetik ostiralera, 9: 00etatik 14:00etara). Prozesu parte-hartzailearen aldi honetan, nabarmentzekoa da aurkezpen-informazio-saio bat eta hainbat eztabaida-saio egingo direla.
Mungiako alkate Alaitz Erkorekak dokumentua berrikusteko eta ekarpenak aurkezteko deia egin die herritarrei eta gizarte-eragileei, "adostutako eta udalerriaren beharretara egokitutako hirigintza-plangintza bermatuz".
Aurretiazko prozesuak
HAPOa egiteko prozesua 2021eko ekainaren 25eko Alkatetza Dekretuarekin hasi zen, dekretu horrek ezarri baitzituen hura formulatzeko eta izapidetzeko oinarriak, Herritarren Partaidetzarako Programa barne. Ondoren, 2023ko otsailaren 24an, jendaurrean jarri ziren Planaren Aurrerapena eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa. Azkenik, 2023ko abenduaren 22an, Udalbatzak plangintza berriaren irizpideak eta helburuak onartu zituen.