preview highslide max
preview highslide max

Albisteak

Mungiako Udalak 35.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Garraketako eta Lauaxetako haur-parkeak berritzeko eta hobetzeko

Mungiako Udalak Garraketako eta Lauaxetako haur-parkeak berritu eta hobetu ditu, udalerriko haurren jolaserako eta garapenerako espazio publiko seguru, inklusibo eta egokiak eskaintzeko udalaren konpromisoaren barruan. Lan horietan 37.596,27 € inbertitu dira guztira.

Horrela, Lauaxeta parkean jolas-multzo berri bat jarri da, plataformadun dorreak, altzairu herdoilgaitzezko txirristak, katuka ibiltzeko tunela, habia motako kolunpio irisgarria, oreka-egiturak, elementu ludikoak (arbelak, abakoak, erakusmahaiak eta banku integratuak) biltzen dituena. Horrela, berrikuntza horrek 33.103,54 euroko inbertsioa ekarri du, elementu inklusiboak eta irisgarriak barne hartzen ditu, eta instalazioak segurtasun-araudi berrietara eta herritarren eskaeretara egokitzeko beharrari erantzuten dio.

Bestalde, Garraketako parkean 4.492,73 euroko hobekuntzak egin dira. Ildo horretan, lehendik dagoen lurzoruaren ordez, ezaugarri seguruagoak dituen beste bat jarri da. Helburua espazioak bere funtzionaltasunari eustea da, txikienek berme guztiekin gozatzen jarraitu ahal izatea bermatuz.

Leire Bilbao Mungiako Udaleko Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, "hiri-ingurune atseginago, irisgarriago eta guztiontzat pentsatuago baten aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Legealdiaren hasieran konpromiso gisa hartu genuen bezala, udalerriko espazio publikoak eta aisialdikoak etengabe hobetzea bilatzen dugu, garai eta behar berrietara egokituz".