Landetxo familiak Euskal Herriko lehenengotariko baserria eraiki zuen 1510. urte inguruan, hiru mende lehenagotik bizi ziren lekuan bertan.

Baserri Magikoa – Azalduezina eta magikoa, eguneroko bizitzaren parte

Eguzki-lorea atean, elai-habiak atarian, sua eta ikatza sukaldean, igitaia, aizkora, ferra, … funtzio magiko eta sinbolikodun elementuak dira. Zein zen horien guztien esanahi magikoa? Erakusketa honek baserriaren eguneroko objektuen inguruko sineskerak ezagutzeko aukera emango digu. Baserria magia, mito eta sineskeren topagunea izan da beti; Baserria funtsezko instituzioa izan da Euskaldun guztientzat.

Haritzaren arkitektura –XVI. Mendea

Landetxo Goikoan teknika landuak erabili ziren, seguru aski inportatuak, eta hutsetik hasita egin zen, aurretiko eredurik gabe. Baserria asmatu zuten, Euskal Etxea. Baserrian aldez aurretik diseinatutako puzzle bat balitz bezala ahokatzen dira piezak. Bisita gidatuan zehar ikus daitezkeen infografiek baserriaren eraikitze-lanaren edertasuna erakusten dute.

Berreraikitzea

Landetxo Goikoa baserria bere horretan egon zen, isilune-tarte bat egon zen hor, baserriak daukan berebiziko garrantziaz ohartu ziren arte. Bizkaiko Foru Aldundia, Mungiako Udalarekin batera, herriarentzat funtsezkoa den ondare hau berreskuratzeko abian jarri ziren. 

Baserri funtzionala

Baserria fabrika integrala da, hau da, bizitzeko baino lehenago ekoizteko pentsatutako etxea; familiak behar zuen guztiaz hornitzea zen baserriaren helburua. Horren adibide dira garautegia (ekoiztutakoa pilatzeko), aireztapen sistema, sua eta kearen ustiapena, animaliak eta gizakiak lehenengoz banatzen dituen horma…

Landetxoko Otxoa

Baserritarra izanda ere, jauntxoek eta aitonen semeek zuten maila bera eskatzen zuen. Landetxoko Otxoa gizarte-maila altukoa zen Mungian eta horixe erakutsi nahi izan zuen Landetxo Goikoa eraikita.