Bi astez, otsailaren 17tik martxoaren 2ra, Mungian erroldatutako eta 16 urtetik gorako mungiarrek HAZeko, Udal Kiroldegiko eta Behargintzako hautestontzietan botoa emanez parte har dezakete. Halaber, otsailaren 21ean, ostirala, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara Euskal Pizkundean jarriko diren karpetan; eta otsailaren 28an, ostirala, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara Euskal Pizkundean; eta martxoaren 1ean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara Euskal Pizkundean.
Beste aukera bat herritarrek parte hartzeko honako toki hauetan dauden postontziak izango dira: Ametzabide kalea (autobus geltokia); Basozabaleta aparkalekua; Bermeo bidea (autobus geltokia); Elordigane (autobus geltokia); Euskal Pizkundea etorbidea; Lauaxeta kalea; Laukariz bidea (autobus geltokia); Madalen bidea; Markaida bidea; eta Plentzia bidea (autobus geltokia).
Online ere eman ahal izango da botoa hurrengo estekan: http://udalonink.ibatuz.com/index.php/631668/lang-eu.
Lehen fase arrakastatsua 2024ko urrian egin zen, eta Mungiako 463 bizilagunek udalerrirako 1.170 hobekuntza-proposamen aurkeztu zituzten. Orain, bigarren fasean sartu dira 2025eko Partaidetza Bidezko Aurrekontuak. Horrela, otsailaren 17tik martxoaren 2ra, herritarrek bost proiektu aukeratu ahal izango dituzte hautatutako zazpi proiektuen artean, lehenengo fasean jasotako proposamenetatik abiatuta. Mungiarren aldetik laguntza handiena jasoko duten proiektuak azkenean 200.000 euroko partida batekin gauzatuko direnak izango dira.
Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak honako hau adierazi du: "Udaletik, herritar guztiak animatu nahi ditugu Aurrekontu Parte-hartzaileetan parte hartzen jarraitzera, tresna egokia baita guztiei hitza emateko. Inplikazioa funtsezkoa da udalerria hobetuko duten jarduerak definitzeko. Entzute aktiboaren bidez lanean jarraituko dugu, etorkizuneko Mungia elkarrekin eraikitzen jarraitzeko".
Zehazki, Mungian erroldatutako eta 16 urtetik gorako bizilagunek proiektu hauetako bost aukeratu ahal izango dituzte, proiektu bakoitzeko 40.000 €-ko gehieneko esleipenarekin:
1. Aisialdi eremu berria.
2. Umeen jokuen konponketa eta mantendua
3. Ur-zurrusten jolasak.
4. Gazteen parkea Larretan
5. 12-16 urte bitarteko gazteentzako tailerrak euskaraz
6. Seinaleztapen horizontaleko kanpaina.
7. Fatxadak horma-irudi artistikoen bidez edertzea.