Noticias

Euskaraz dauden tresna digital praktikoak herritarrei ezagutarazteko tailerrak antolatuko ditu Udalak

Emon izena HEMEN 

Mungiako Udalak, Euskara Sailaren bidez, hainbat tailer antolatu ditu euskarazko tresna digitalen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Tailer horiek euskara hutsean egingo dira, doan eta mungiar guztiei zuzenduta. Azaroan zehar izango dira, Mungiako KZgunean. Gehienez 20 lagunek hartu ahal izango dute parte tailer bakoitzean. Beraz, aldez aurretik eman beharko da izena. Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, interesatuek euskera@mungia.eus helbidera idatzi edo 946 749 089 telefonora dei dezakete.

Idurre Urresti Mungiako Udaleko Euskara zinegotziak adierazi duenez, "mundu digitalean tresna praktiko ugari daude, batzuetan ezagutu ere egiten ez ditugunak. Gure apustua argia da, herritarrei teknologia horren berri helaraztea, batez ere euskaraz dagoenari buruz, normalean ez da-eta hain ezaguna izaten".

Lehenengo saioa, azaroaren 4an izango da, Adimen Artifiziala erabileraren gainekoa. Tailer horretan, Adimen Artifiziala zer den eta eguneroko bizitzan nola erabil daitekeen azalduko da, adibide praktikoak jarrita.

Azaroaren 6an, mugikorraren eguneroko erabilera izango da gaia, gailu mugikorretatik eguneroko izapideak egiten ikasi nahi dutenei zuzenduta. Besteak beste,  BAKQ txartela nola lortu, Osakidetzako txartela zelan kudeatu edo lan-bizitzari buruzkoak azalduko dira.

Azaroaren 11n eta 18an, parte-hartzaileek irudiak sortzen eta animatzen ikasiko dute. Euren marrazki eta irudiei bizia azkar eta erraz ematen ikasi nahi duten pertsonei dago zuzenduta.

Azaroaren 13ko saioaren izenburua "Nerabeak eta teknologia digitalak: helduentzako gida" izango da, eta bereziki seme-alabek gailu mugikorrak erabiltzeagatik kezkatuta dauden gurasoei zuzenduta egongo da. Nerabeek teknologien erabilera modu arduratsuan kudeatzeko gakoak eta tresnak eskainiko dira, orientazio egokiena emanez.

Azkenik, azaroaren 20an, bulegoko lanerako tresna digital praktikoei buruzko tailerra eskainiko da. Bertan, parte-hartzaileek beren eguneroko bulego-lanetan eraginkortasuna hobetzeko bilatzaileak, itzultzaileak eta aplikazio erabilgarriak ezagutu ahal izango dituzte. 

Ikastaro bakoitzean 20 lagunentzako plaza egongo da. Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, interesatuek euskera@mungia.eus helbide elektronikora edo 946 749 089 telefonora  jo dezakete.