Mendeetan zehar, harlangaitzezko hormen gainean finkatutako egurrezko teilatudun baseliza handi baten itxura izango zuen, ziurrenik, Andra Mari elizak. XVIII. mende hasieran erortzeko zorian zegoen, baina San Pedro eliza oso hurbil zegoen, ehun metro eskasera, eta hura egoera hobean zegoenez, agintariek ez zuten inolako baliabiderik bideratzen Andra Mariren mantentze-lanetara.
Elizateko herritarrek Andra Mari berreraikitzea erabaki zuten orduan. Lanak José de Zaylorda eta Ignacio Vicente de Mendieta y Cebericharen proiektuan oinarrituta egin zituen Francisco Duñabeitiak 1746 eta 1748 artean.
Apaindura gutxiko nabe angeluzuzen bakarreko eliza zen, barrokoaren joera klasikoari jarraiki eraikitakoa. Tenpluaren antolamendua da garai hartatik geratzen den gauza bakarra.
Mende bat geroago, 1848an, lanekin aurrera egiteko diru nahikoa biltzea lortu zuten, eta gaur egun oraindik kontserbatzen den harlanduzko fatxada berria eraiki ahal izan zuten.
Portadaren egitura oso soila da. Apaindura eskasia hori agerikoa da eraikinaren azalera horizontalki bi zatitan eta bertikalki hirutan banatzen duen inposta molduradunean. Sarrera-ateak ganga-formako ateburua du, eta haren gainean kanpaientzako hutsune bi dituen frontoia dago.
Gaur egun Mungiako elizate zaharraren erreferentzia-puntua den Andra Marin ezin zitekeen bataiorik egin, herritarrek San Pedro elizara jo behar zuten sakramentu hori hartzeko. Beraz, San Pedro gailendu egin zitzaion eta hura bihurtu zen Mungialdeko baserritarrek barikuetako plazan baratzeko produktuak saltzen zituzten topagunea. Andra Mari erabilera anitzeko aisialdirako gune bihurtu da babesa eta argitasuna ematen dioten teilatuko estalkiari eta alboetako itxiturari esker.