Imagen Tejo (Taxus baccata L.)
7
Panel-zenbakia

Hagina (Taxus baccata L.)

Hagina konifero berezia da, ez du kono edo pinabururik sortzen, ezta erretxinik ere, baina berde ikusiko duzu urte osoan; izan ere, hostoek 8 urte inguru irauten baitute zuhaitzean, eta berritzen direnean, ez baitute denek batera egiten.

Neguaren amaieran edo udaberriaren hasieran, ale arren adarren bat astintzen baduzu, polena ikusiko duzu. Haizea izango da hori ale emeetako loreetara eramango duen garraiolaria; ernalketaren ondoren, uda amaieran, txano mamitsu batez estalitako hazia sortuko da. Estalki hori, arilo izenez ezagutzen dena, udazkenean gorri bihurtuko da, eta hegazti ugari erakarriko ditu. Ez da kasualitatea, hain zuzen ere, ariloa izatea haginean pozoitsua ez den zati bakarra; horixe baita bere hazia sakabanatzeko erabiltzen duen amu gozoa.

Ohikoa da lorategietan haginak gaur egun landatuta egotea; izan ere, garai batean Kantauri isurialdeko hagin-eremu naturalak desagertuz joan dira, arrazoi ezberdinen erruz: euren habitaten suntsipena, suteak eta haginak duen birsorkuntza motela. Zuhaitz honen egurra gogorra eta aldi berean malgua da; hori dela eta, armadak hornitzeko lehengaia izan zen, pikak, arkuak eta geziak gerrarako tresnak izan ziren sasoian.

Beste borroka mota batean, minbiziaren aurkako horretan alegia,  zera aurkitu dute: hostoetan, azalean eta hazietan dagoen alkaloide batek, taxina deritzanak gizakiaren heriotza eragiten duen arren, horren eratorri batek, ordea, taxol izenekoa, minbizi mota ezberdinetako zelulen hazkuntzaren inhibitzaile indartsua dela.