Zumar hostozabala
(Ulmus glabra Huds.)
Euskarazko izen arruntak pista bat emango digu Uriguenen dauden zumar mota biak bereizteko. Hauxe da Euskal Herriko zumar autoktono bakarra, eta metro batzuk atzerago dugun zumar hostotxikiaren (Ulmus minor) hostoa baino dezente handiagoa da honena.
Biek partekatzen duten ezaugarri bat hostoaren oinarriaren forma asimetrikoa da, baina hostozabalean lobuluak ia ezkutatu egiten du adarrarekin lotzen duen hostoaren txortena.
Ez du lore ikusgarririk sortzen, baina haizeak barreiatuko duen mintz moduko batez inguratutako haziak deigarriak dira. Botanikan samara deitzen zaie, astigarren fruituei bezala; baina zumarretan fruitu bakoitzean hazi bakarrak arrautza frijituaren antza hartzen du, eta astigarretan, ordea, itsatsitako hazi biek helikopteroaren helizeak dakarzkigute gogora.
Modu naturalean, penintsularen iparraldeko lurzoru hezeak dituzten basoetan bizi da, eta lorezaintzan asko erabili izan da, itzal handia ematen duelako. Hala ere, kakalardo mota baten bidez transmititu zen onddo batek eragindako pandemiak eraso egin zion Europa osoan; baina zumar hostotxikiari baino kalte gutxiago eraginda.... Grafiosia, ezaguna egiten zaizu izena?