Imagen Carpe (Carpinus betulus var. Fastigiata)
25
Panel-zenbakia

Xarma fastigiatua (Carpinus betulus var. Fastigiata)

Xarma-ilara hau da parke honetako beste arreta-guneetako bat. Fastigiata barietatekoak dira, hau da, adarrak enborraren ardatzera nahiko hurbiltzen direnez, puntan amaitzen dira eta piramide itxura hartzen dute.

Ziurrenik pagoaren antza hartuko diogu, pago lizarra bezala ere ezagutzen da, baina hostoetako nerbioak askoz markatuagoak ditu xarmak, eta enborreko azala ez du pagoak bezain leuna. Agian zumarraren hostoak ere gogoratuko dizkigu, baina xarmaren hostoak simetrikoak dira oinarrian. Beste zuhaitzetatik argi eta garbi bereizten dituena, udazkenean adarretatik zintzilik ikusiko ditugun fruitu hegodunak dira.

Barietate hau apaingarria da, baina xarma basatia Europa erdialdekoa da eta ohikoa da Ukrainan eta Errusiako mendebaldean. Iberiar Penintsularaino modu naturalean, Nafarroako Pirinioetara eta Bidasoako haranera iristen da. Euskal Herriko eta Espainiako espezie mehatxatuen eta galtzeko arriskuan daudenen katalogoan sartutako espezie urria da.

Zuri koloreko egur gogorra lantzen zaila da, eta ebanisterian estimatua da piano, parket eta billarreko makilak egiteko. Harry Potterren historiaren jarraitzailea bazara, agian entzuna izango zaizu, hagaxka magikoak egiteko erabiltzen den zuretako bat baita.