Kanariar palmondoa
(Phoenix canariensis HORT. EX CHABAUD)
Ez zaigu kostatuko palmondo honen jatorria asmatzea, Kanariar Uharteetako endemikoa da; hau da, berez, modu naturalean sortuta, bertan baino ez dago, normalean 600 metrotik beherako altitudean.
Erabilera anitzeko landarea da, eta bere adar edo palma lehorrekin ez da zaila kaleak erraztatzen ikustea. Agian, eskulangintzan ere aurkituko dugu, hostoekin egindako saski eta kapeletan esaterako; edonola ere, kanariar palmondotik lortzen den produkturik deigarriena "guarapo" delakoa da. Gaur egun Gomeran bakarrik egiten den antzinako teknika baten bidez, izerdia eskuz ateratzen dute, sirope edo palma-ezti moduko bat egiteko, eta horrekin prestatzen dituzte Kanarietako postre, edari eta plater tipikoak.
Kanariar palmondoa bere enbor bakarra edo estipeagatik bereiz dezakegu, hau da, saihetsetik adarkatzen ez den zurezko zurtoin bat, eta oinetik kimurik ateratzen ez duena.
Ale emeek, lorategi honetan aurkituko dugun datil-palmondoaren oin emeak bezala, fruitu txikiak sortzen dituzte, Turkiatik edo Afrika iparraldetik datozen datilak baino biribilagoak eta horiagoak. Palmondo honetakoak garratzak dira eta ez dira giza kontsumorako erabiltzen, baina bai txerri-azienda elikatzeko, bere jatorrizko tokian.